Ainhoa Berasaluze Correa Gizarte Langintzan diplomatua (1995), Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua (2003), Kriminologian Unibertsitate Masterra (1999) eta Soziologian doktorea UPV/EHUn (2010).
Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle agregatua da. 2003az geroztik, Gizarte Langintza Graduan eta gizarte-politikekin lotutako hainbat graduondotan irakasten du.
Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntza Graduondoko zuzendarikidea eta batzorde akademikoko kidea izan da. 2021az geroztik, Gainbegiratzea Gizarte Ekintza Testuinguruetan Graduondoko zuzendaria da. UPV/EHUko Udako Ikastaroak ere zuzendu ditu.
Gizarte Langintza Unibertsitate Eskolako Praktiketako zuzendariordea (2007-2014) eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Praktiketako dekanordea (2014-2017). Baita ere, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Batzarrean eta Batzorde Akademikoetan parte hartzen du (Arabako Campusa).
Parte Hartuz ikerketa-talde kontsolidatuko ikertzailea da. Bere ikerketa-ildoa Gizarte Langintzaren eta Gizarte Zerbitzuen jakintza-arloan kokatzen da, bereziki gizarte langintzako diziplinan eta lanbidean, herritarren eta profesionalen parte-hartzean, partaidetzazko ikerketa-ekintzan eta gainbegiratze-metodologian. Hainbat liburu koordinatu ditu eta liburuen kapituluak eta artikuluak argitaratu ditu inpaktuari eta dibulgazioari buruzko hainbat aldizkaritan (ORCID 0000-0002-6592-535X). Doktore-tesiak, graduondoko amaierako lanak eta gradu amaierako lanak zuzentzen ditu. Hainbat aldizkarirekin kolaboratzen du kanpo-ebaluatzaile gisa, eta Uztaro aldizkariko argitalpen-taldeko kide da.
UPV/EHUn sartu aurretik, hamar urtez jardun zuen gizarte-langile gisa Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren baitan, bai administrazio publikoetan, bai hirugarren sektore sozialeko erakundeetan, zaurgarritasun egoeran dauden biztanleria-sektore ezberdinei arreta emanez.
Bere ibilbide akademiko osoan zehar, lankidetza eta lotura estua izan du arlo profesionalarekin. Arabako Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kide (2002-2006) eta presidente (2007-2011) izan zen. Euskoiker Fundazioaren bitartez, jakintza transferitzeko lanetan parte hartzen du, jardunean dauden profesionalentzako mintegiak eta prestakuntza emanez, administrazio publikoetan gainbegiratze-prozesuak koordinatuz eta lan-eskaintza publikoetako hautaketa-prozesuetan epaimahai kalifikatzaile eta aholkularitza espezializatu lanak burutzen ditu.