Zer da unibertsitate bat?

Barruan gaudenez, akaso ahaztu egiten zaigu, arrainari uretan dabilela ahazten zaion bezala.

Edo ez, akaso jende eskolatua garenez, erraz topatu dezakegu definizio bat.

Zaildu dezagun galdera, beraz: zer izan beharko litzateke unibertsitatea?

Galdera honek definizio bat baino, amets bat eskatzen du.

Saia gaitezen erantzuten, saia gaitezen amesten: zer izan beharko litzateke unibertsitate bat?

Ezer baino lehen komunitate bat, batasun bat. Halaxe dio etimologiak ere, ez alferrik, unibertsitate izena universitas magistrorum et scholarium esapide latinetik dator, irakasle eta ikasleen elkartea.

Baina erdi aroko unibertsitateetan ez bezala, bere burua gotortu eta babestu behar izan zuen instituzioa izan gabe, kanpora begira dagoen komunitatea izan beharko litzateke gure unibertsitatea. Bere herrian ondo errotua, inguruko erronkei erantzuteko gauza eta mundura salto egiteko prestu.

Gure unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, utopia bat da berez, eta ez genuke ahaztu behar zenbat sakrifizioren ostean lortu dugun.

“Euskaldunak ikasi egin nai degu, geroz ta geigo jakin, baña neke ta lan aundi gabe ezin ikasi degu, Universidadeak uruti dauzkagu-ta” esan du Julian Elorzak Euskal Ikasketen III Kongresuaren sarreran, 1922an. Alfonso XIII etorri da kongresua ixtera eta momentu hori aprobetxatu du gizon batek “Euskal unibertsitatea nahi dugu” dioen pankarta bat altxatzeko, jendetzaren bat-bateko babesarekin. Preso daramate berehala bazter-nahaslea.

Hamalau urte beranduago, gizon horrek berak, gerra betean, bonben artean, Euskal Unibertsitatea izeneko erakundea inauguratuko du, Bilboko Basurtuko ospitalean. Leizaola zuen izena gizon horrek.

Faxismoak behin-behinekoz zapaldu zuen Leizaola eta beste askoren utopia. Baina euskaldunok ikasten jarraitu nahi genuenez, komunitatea sortzen eta komunitateari emanez, hamarkada batzuk beranduago posible egin zen Euskal Herriko Unibertsitatea.

Batzuetan beharrezkoa da atzera begiratzea etorkizuna asmatzen jarraitu ahal izateko.

Zer izan beharko litzateke unibertsitatea beraz?

Etorkizuneko erronken laborategia: aldaketa klimatikoa, giza eskubideak, teknologiaren etika eta gizarte berdintasunaren desafioei erantzuteko espazio pribiliegiatua.

Ikerketa askearen gunea: esperimentatzeko eta probatzeko toki segurua, burokraziaren zamatik ahalik eta askeen.

Herritar libreen lantegia: izpiritu kritikoa eta tresna zientifiko oro eskuragarri dauden tokia, etorkizuneko herritarren mesedetan.

Gure jendarteko eragile aktiboa: herriaren zerbitzura, euskara eta euskal kulturaren ardatzetik abiatuta, munduko edozein txokora iristeko kapaza.

Universitas magistrorum et scholarium. Gure unibertsitateak bultzada berri bat merezi du. Segi dezagun amesten, denon artean.

Katixa Agirre