Aitziber Mendiguren Ordorika

Koordinazio, Kultura eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordegaia

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle agregatua farmakologia sailean (irakasle osorako akreditatua). Farmakologiako doktoretza europarra (2007), doktoregoko sari bereziarekin aitortua (2009). Friburgoko Albert Ludwigs Unibertsitatean (2004) eta University College Londonen ikerketa-egonaldiak egin ditu (2007). Ikerketako 3 seiurteko aitortuta ditu. 4 doktore-tesi zuzendu ditu, guztiek kalifikazio gorena eta nazioarteko aipamena dutenak, eta horietako batek doktorego sari berezia lortu zuen. Gaur egun, bukaera fasean dagoen bosgarren doktore-tesia zuzentzen ari da. Master eta gradu amaierako hainbat lanen zuzendaria izan da, horietako bat genero-ikuspegia lan akademikoetan txertatzeko Francisca de Aculodi sarien VI. edizioan saritua izan zen.

Autonomiak eta Estatuak finantzatutako unibertsitate-ikerketako 19 proiektutan parte hartu du, baita farmazia-enpresa batekin egindako proiektu batean ere. Eusko Jaurlaritzak eta Osasun eta Kontsumo Ministerioak finantzatutako 2 ikerketa-proiektutako ikertzaile nagusia izan da. Bere ikerketa-jardueraren ardatza opiazeoen eta kanabinoideen eragin akutuak eta kronikoak aztertzea da.

Nazioarteko eta nazioko biltzar zientifikoetan 52 komunikaziotan parte hartu du. Zientzia-dibulgazioko 12 artikuluetako egilea da (Ekaia, Osagaiz, Elhuyar, The conversation), eta horietako 2 artikulu zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar lehiaketan sarituak izan ziren. Zientzia Astearen hainbat ediziotan (2021-2023) eta zientzia-dibulgazioko topaketetan parte hartu du (Eureka museoa, Ikertzaileen Europako Gaua, DBHko, Batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleen topaketetan), baita irrati/egunkarietako elkarrizketetan ere. 2 biltzar zientifikotako batzorde antolatzaileko kidea izan da.

Bikain kalifikazioa lortu du Docentiaz programaren 2 deialditan (2015 eta 2021). Irakaskuntzako 3 bosturteko ditu. Medikuntza (2012-2024), Odontologia (2012-2013) eta Farmazia (2009-2012) graduetako 13 irakasgaitan irakasle izan da, baita Farmakologia; Medikamenduen garapena, baliospena, eta erabilera arrazionala Masterrean ere (2009-2024). Erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun produktuak gomendatu, erabili eta baimentzeko akreditazioa lortzeko egokitzapen-ikastaroan irakaslea izan da 4 ediziotan. 11 irakaskuntza-artikuluren, 2 liburu-kapituluren, euskaraz idatzitako 2 irakaskuntza-material digitalen eta “Medikamentuen preskripzio arrazionalerako printzipio farmakologiko eta klinikoak” izeneko liburuaren egilea da, guztiak Medikuntza, Farmazia eta Odontologia Graduko ikasleentzat erabilgarriak direnak. Hezkuntza berrikuntzako 5 proiektutan eta 13 komunikaziotan parte hartu du. Medikuntza Hezkuntzako Espainiako Elkartearen II. Nazioarteko Kongresuko batzorde zientifikoko kidea izan da (2024).

UPV/EHUko Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitateko Batzordeko (2016-2024) eta Docentiaz programaren Batzorde Tekniko Espezifikoko (2021-2024) kidea da. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Batzordearen kidea da (2017-2024). Odontologia Graduan kurtsokoa koordinatzailea izan da (2016-2022) eta Medikuntza eta Farmazia Graduko hainbat irakasgaietako koordinatzailea ere (2010-2024).