Asier Blas Mendoza

Ikasle eta Partaidetza Errektoreordegaia

UPV/EHUn lizentziatu eta doktoratu zen Politika eta Administrazio Zientzian. Bigarren Hezkuntzako ikasleengana unibertsitatea gerturatzeko eta unibertsitateko ikasleak orientatzen laguntzeko Unibertsitate Orientazio Zerbitzuan lankidetza bekak izan zituen. 2002 urtetik Parte Hartuz ikerketa talde kontsolidatuko kidea da doktorego aurreko ikerlari bezala lehenengo eta 2006 urtetik UPV/EHUko irakasle bezala Politika eta Administrazio Zientzien sailean. 2007 eta 2012 artean saileko Idazkari akademikoa izan zen eta 2018 eta 2022 artean Zuzendaria. Politika eta Administrazio Zientziako Doktoregoko, Gobernantza eta Ikasketa Politikoetako masterreko eta Partaidetza eta Komunitate-garapeneko batzordeetako kidea izan da, azken honetan hiru urtez masterreko arduraduna izanik. 2013 eta 2016 artean International Election Observation and Electoral Assistance graduondoko ikasketen batzorde akademikoan parte hartu eta 2015/16 ikasturtean graduondokoko burua izan zen.

Bere ikerketa lerro nagusiak Politika konparatua (demokrazia ereduak eta hauteskunde eta alderdi sistemak); aniztasun etniko-nazionalaren kudeaketa (botere partekatua, federalismoa eta sezesionismoa); nazioarteko politika; eta berrikuntza demokratikoak (herritar partaidetza) dira. Lituaniako Kaunaseko Vytatutas Magnus Unibertsitatean eta Georgiako Ivane Javakhishvili Tbilisiko Estatu Unibertsitatean irakasle bisitaria izan da. 2012an “Manuel Giménez Abad” X. saria irabazi zuen Modelos de democracia en las comunidades autónomas españolas lanagatik. Hamarnaka lan akademiko argitaratu ditu, azkenekoen artean “Implementation performance in the field of the EU Customs Union: consequences of differentiated policy implementation on customs control efficiency” (2023, Mikel Erkorekarekin). Esparru akademikotik kanpo hedabide desberdinekin kolaboratzen du.