Igone Zabala Unzalu

Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordegaia

Biologian lizentziatua (1984) eta Euskal Filologian doktorea (1993). UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean atxikitako irakaslea 1986tik, eta unibertsitateko irakasle titularra 1997tik. Hasierako kontratutik gaur egunera arte, euskararen erregistro akademikoen garapenean eta finkapenean laguntzeko xedea duten irakasgaiak eman ditu Zientzia eta Teknologia Fakultatean, ikasketa-planetan zehar izena aldatzen joan direnak: Euskara Zientifikoa, Euskara Teknikoa, Euskararen Arauak eta Erabilerak, Komunikazioa Euskaraz: Zientzia eta Teknologia eta, gaur egun, Idatzizko eta Ahozko Komunikazio Zientifiko-Teknikoa Euskaraz. Doktoretza-programetan eta masterretan ere, hainbat irakasgai eman ditu, besteak beste, Informatika Fakultateko Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua (HAP/LAP) masterrean eskainitako Terminologia eta Testu Espezializatuak eta Hizkuntza Produktuak Diseinatzeko Irizpide Soziolinguistikoak irakasgaiak.

Doktoretza egin berritan nagusiki sintaxian eta morfologian lan egin bazuen ere, aurrerago haren ikerketa terminologiaren eta euskararen garapen lexiko-diskurtsiboaren alorrera zuzendu du. CNEAIk aitortutako 5 ikerketa-seiurteko ditu, eta Unibasqueren A1 maila. Bestalde, hizkuntzaren prozesamenduan (LNP) espezializatutako Ixa ikerketa-taldeko kidea da 2013 urtetik, baita HiTZ Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroko kidea ere horren sorreratik bertatik. Bi doktoretza-tesi zuzendu ditu, eta hainbat ikerketa-proiekturen ikertzaile nagusia izan da.

Euskararen erregistro espezializatuen garapena, ikerketa eta irakaskuntza uztartzeko tresnak eta baliabideak sortzea eta aberastea helburu duen Garaterm proiektuaren ikertzaile nagusia da 2008. urtetik, eta uztartze-lan horretan UPV/EHUko irakasle-ikertzaileak inplikatzeko helburua duen Terminologia Sareak Ehunduz (TSE) programaren sustatzailea eta koordinatzailea ere bada.

Kudeaketa-ardurei dagokienez, hauek dira aipagarrienak:
– Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko zuzendaria (2006-2009 / 2017-2024)
– UPV/EHUko euskara Batzordeko kidea (2006-2009)
– Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitateko Batzordearen kidea (2010-2013)
– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluko kidea (2008-2009)
– HAP/LAP masterreko Batzorde Akademikoaren (2008-2018) eta doktoretza-programaren (2009-2020) Batzorde Akademikoaren kidea.